ABAE – ARABAKO BIDAIA-AGENTZIEN ELKARTEA SORTU DA

Asociación de Agencias de Viaje de Álava – Arabako Bidaia-Agentziak Elkartea (ABAE) sektorearen %36k bere biziraupena arriskuan ikusten duen unean sortu da.

Arabak 28 bidaia-agentzia ditu, independenteak eta talde handietatik kanpokoak. Horietatik, 17k ( % 60) ahaleginak batzea eta probintzian elkarte bat sortzea erabaki dute, orientazio bikoitzarekin: egungo krisiari aurre egitea eta etorkizuna modernizatzearen alde lan egitea.

Jasaten ari garen pandemiaren ondorioek bultzatuta, Arabako bidaia-agentziek, erakundeek gehien ahaztutako kolektiboetako batek eta hartutako mugikortasun-murrizketak gehien pairatu dituenak, bat egitea erabaki dute. Horrela sortu zen ABAE, Arabako Bidaia-Agentzien Elkartea, hainbat helbururekin, besteak beste, tokiko zerbitzuen erabilera sustatzea eta bere negozioen defentsa.

Zein egoeratan dago jarduera-sektorea? AENKOMERek egindako barometroaren datuak

AENKOMERek sektorean egindako barometro baten datuen arabera (maiatzean bertan eguneratu ziren), bidaia-agentzien sektoreak, bere osotasunean, % 90erainoko beherakada izan du salmentetan, eta bere plantillak % 21 murrizteko beharra ikusi du. Kasuen % 43an finantziazioa eskatu behar izan du, eta negozioen % 64an izapidetu ditu aldi baterako lan-erregulazioak bere langileentzat, eta tresna hori % 36tan mantendu du oraindik. Kontuan izan behar da sektore horretan pertsona bakarreko agentzien ehuneko handia dagoela, eta ehuneko hori igo egingo litzatekeela. Hala azaldu du Edurne Parro AENKOMER Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien Elkarteko zuzendariak.

Aldi berean, eta alarma-egoera duela gutxi altxatu den arren, ezkortasuna ikusten da jarduera ia geldirik dagoen sektore batean, azken udatik, mugikortasuna oso murriztua izan baitzen, bizi genuen pandemia-testuinguruan kutsatuak izateko beldurraren aurrean. Hala, elkarrizketatutako pertsonen % 29k uste du salmenten bilakaera negatiboa izango dela datozen hilabeteetan, eta % 14k uste du egungo kontsumo-mailari eutsiko zaiola.

Etorkizunerako itxaropenei dagokienez: sektorearen % 36k bere jardueraren jarraipena arriskuan ikusten du, nahiz eta sektorearen % 21ek pandemiaren eraginari aurre egiteko zerbitzuak handitu dituela adierazi duen.

Testuinguru horretan sortu zen ABAE, gure sektorearen interesak egungo une zailean biltzeko eta defendatzeko, eta, aldi berean, azken urtean sortu diren premia ugariei erantzuteaz gain, sektoreak lehendik zituen beste arazo batzuei ere aurre egiteko, Eneko Ibarnia kolektiboaren presidenteak azaldu duenez.

Biziraupena da sektorearen kezka nagusia

Sektorearen susperraldia motela izango da eta 2023ra arte ez da jarduera berreskuratzea aurreikusten. Zehazki, sektorearen kezka nagusiak hiru hauek dira:

  • Sektorearen biziraupena eta uda hau salbatzea.
  • Mugikortasuna alarma-egoeraren ondoren.
  • Garatuko den turismo-eredua eta sektorea nola egokitu behar den.

Biziraupena da sektorearen kezka nagusia. Hori bermatzeko, laguntza-lerroak behar dira, jarduerari eusteko beharrezkoak diren gastuak estaltzeko.

Ildo horretan, frankiziak azpisektore horren % 10 dira, eta arazo espezifiko bat dute, planteatutako programetatik kanpo geratzen baitira, kolektibo horren biziraupena bermatzeko jorratu beharrekoak. Arazo hori Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailari helarazi zaio, eta etorkizuneko deialdietan behar bezala konpontzea espero da, eta haientzako berariazko laguntza-lerroak sortzea, orain arte lortutako laguntzarik eza ordezteko.

Alarma-egoeraren osteko mugikortasuna da beste kezka nagusietako bat, jarduera mugatu dezaketen kutsatze-olatu berrien aurrean. “Oraingoz, komunitate eta herri desberdinetatik zabaltzen ari diren mugen irekiera itxaropenez hartzen du sektoreak, eta neurri horiek ilusioz hartu dituzten bezeroen hazkundearekin”, azpimarratu zuen Rosa Vegak, ABAEko zuzendaritza batzordeko kideak.

Beste kezka bat egungo ziurgabetasun-unearekin eta kontsumo-moduan gertatu diren aldaketekin lotuta dago: zer turismo-eredu garatuko den, aldaketa horiek nola eragin dezaketen… “Sektorearen biziraupena bermatuko duen berehalako birmoldaketaren beharra dago, bai lanpostuei dagokienez, bai hiriko bizitzari egiten dion ekarpenagatik: galduz gero, hirien desertizazio-arrakala gehiago areagotzen lagunduko luke, Arabako hiriburuan bereziki jasaten ari garen prozesu oso larria” adierazi du Ibaniak.

ABAEren 9 helburu nagusiak hauek dira:

  • Sektorea erakundeen aurrean ordezkatzea.
  • Turismoaren sektorea sustatzea eta bultzatzea Araban.
  • Arabako bidaia-agentzietako enpresei eta enpresaburuei lehiakortasun-posizionamendua hobetzeko aukera emango dieten jarduerak bultzatzea.
  • Bidaia-agentzia igorleetako enpresen eta enpresarien garapenean lagun dezakeen oro aztertu, animatu eta sustatzea, enpresa-intereseko gaietan gidalerroak adierazten dituzten gomendioak eginez, bai eta Arabako ekonomiaren hedapenean eta oparotasunean laguntzea ere.
  • Kontsumoa suspertzeko kanpainak bultzatzea, sektorean salmentak asko jaisten ari diren uneetan.
  • Herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egitea, esperientzia seguruez gozatzeko aukerei buruz.
  • Bazkideen arteko elkarrizketarako topagune bat sortzea, enpresen arteko lankidetza eta kostuen murrizketa sustatuz, sektorearentzat onuragarriak diren hitzarmenak sinatuz.
  • Sinergiak bilatzea beste jarduera-sektore batzuekin, bi kolektiboen irudia hobetzen laguntzeko.
  • Bazkideei sektoreari buruzko informazioa eskaintzea, baita laguntzei eta dirulaguntzei buruzkoa ere.
Prentsa Oharra ABAEren aurkezpena